Pasa den igandean ospatu zen Nafarroa Oinez “arrakastatsua” izan zen, bestaren koordinatzaile Ana Galarreren hitzetan. Jendetza bildu zen Vianako Eretsun eta Lodosako Ibaialde ikastolek antolatutako jaian. Milaka lagun izan zirela esan dute, zenbaki zehatzik eman gabe, baina Foruzaingoaren datuek argitu dezakete aurtengo Nafarroa Oinez-ek izandako harrera: ostiralerako, 600 autokarabana ziren Vianan, eta egunean bertan 6.000 auto eta ehundik gora autobus gelditu ziren aparkalekuetan. «Balorazio guztiak positiboak izan dira, eguna normal-normal iragan zen, eta zorionak izan da gehien errepikatu den hitza».
Gaztetxoak, Auskan taldearen kontzertuan pozik. Argazkia: Jagoba Manterola
Euskara, plazara
Baina Nafarroa Oinez ez da egun bakarreko besta. Hala, igandeko helburuak betetzat ematearekin batera, urte osoko jarduerek izandako arrakasta goraipatu dute. «Aurtengo erronkarik handiena euskara ikastolatik atera eta herrietara, gure inguruetara eramatea izan da. Inguru hauetan euskara bultzatzen duen eragile garrantzitsuena gara —eta, batzuetan, bakarra—, eta hori, beraz, oso garrantzitsua izan da guretzat», zehaztu du koordinatzaileak.
Eguna normal iragan zen igandean. Aldaketa izan zenetik ohikoa izan den gisan, Nafarroako Foru Gobernuko lehendakaria inaugurazio ekitaldian izan zen. Uxue Barkos ez ezik, besteak beste, Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Pablo Azkona Lodosako alkatea eta Jose Luis Murguindo Vianako alkatea ere han ziren.
Egizu iruzkina:
0 comments: