Abenduaren 2tik 6ra arte antolatuko da aurten Durangoko Azoka, 51.ena hain justu, eta, beste urte batez, euskal kulturaren plaza bihurtuko da.

Urtero bezala, Ahotseneak 2016eko diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunean, aldiz, 50 sortzailek baino gehiagok egingo dute (idazleak gehienbat, baina baita musikari zenbait ere), hainbat formatutan: solasaldia, mahaingurua, errezitaldia, ikuskizuna, emanaldi akustikoa...

Iazko Ahotsenea gunean, Haxotz taldearen zuzenekoa. Argazkia: Haxotz

Ahotsenea hazi egin da. 2013ra arte 55 sortzaile har zitzakeen guztira. Aurten, 120 aurkezpen baino gehiago izango dira. Egia da 51. azoka hau, iazkoa bezalaxe, 5 egunekoa dela eta horrek aukera eman duela toki zabalagoa egiteko sortzaileei, baina ororen gainetik nabaria da sortzaileen gogoa Ahotsenean parte hartzeko.

Eta betiko lez, bide luzeko sortzaileak sortzaile hasiberriekin konpartituko dute eszenatokia. Gatibu, Kokein, Revolta Permanent, Labrit, Joseba B. Lenoir, Siroka, Perlak, Lauroba, Keu Agirretxea edo Etxerekin batera, Kohatu, Zazkel, Rukula, Magnetico Grupo Robot edota Errime jardungo dira zuzenean. Eta berdin idazleak. Ahotseneatik pasako dira aurten hamaika idazle: Arantxa Urretabizkaia, Asier Serrano, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Miren Gorrotxategi, Patxi Larrion, Mariasun Landa...

Iaz, Patxi Zubizarreta bere "Laranja bat zaborretan" lana aurkezten. Argazkia: Elkar

Iparraldetik hainbat egile etorriko dira. Zuzenekoetan: Tristtan Mourguy, Xabaltx, Otxalde, Arramazka, Bidaia, Begiz-Begi, Pier Paul Berzaitz... Eta idazleak: Erich Dicharry, Amaiur Blasco...

Zuzenekoetan aldaketa nagusi bat dago. Orain arteko orubean etxebizitzak eraikitzen hasiak dira, eta Ahotsenea Landako alboko parkera mugituko da. Bestalde, kontzertuen aurkezpenak berreskuratuko dira.

Txapelpunk taldearen kontzertu osoa, iaz Ahotsenean eskaini zuena.

Aurten ere narratiba eta poesia liburuak bestela aurkeztuko dira. Solasaldiarekin batera, aurkezpenen hasieran eta bukaeran pasarteak irakurriko dira musikaz lagundurik. Iaz bezala, Ane Artetxe, Amaia Ruiz eta Amaia Irazabal arituko dira zeregin horretan.


Egitarau zabala ahotsenea.durangokoazoka.eus webgunean ikus daiteke.
Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: