Baskoniak uste baino gehiago sufriturik lortu zuen garaipena atzo Buesa Arenan. Ostiraleko Euroligako partida gogorraren ostean ia atseden denborarik izan gabe,  AICL Manresa talde kataluniarra izan zuen aurkari. Era berean, klubean urte asko emaniko Ibon Navarroren itzulera izan zen. Arabarrek bi taldeen arteko kalitate desberdintasunarekin nahikoa izan zuten ligako bostgarren garaipena lortzeko.

Partidan murgildurik, erlaxazio puntu handiegiarekin kantxaratu ziren gasteiztarrak, Manresa borrokalari baten aurrean. Lau minutu nahikoak izan ziren Sito Alonso entrenatzaileak hasierako bostekoan zeuden jokalariak aulkiratzeko, ez zitzaion batere gustatu prestatzaile madrildarrari bere jokalarien laurden hasiera. Honekin batera, lehen erreakzioak iritsi ziren etxeko taldearen eskutik eta errenta txikien jabe egin zen partida atsedenaldirarte.

Hala ere, aldageletatik bueltan kataluniarrak berriz partidan sartu ziren nahiz eta Baskonia denbora guztian aurretik joan. Horrela azken sei minutuetara puntu bakarreko aldearekin iritsi ziren bi taldeak. Orduan, arabarrek Hanga, Voigtmann eta Blazic-en gidaritza baliaturik amaieran markagailuan islatuko zen 82-69koa ezartzea lortu zuten.

 Blazic atzoko partidako jokaldi batean. Argazkia: baskonia.com

Partida honekin Baskoniak beste aste gogor bati amaiera eman zion. Euroligari ematen zaion lehentasuna argi eta garbi geratu zen atzokoan beste behin. Ia garaipen honetaz gozatzeko denborarik gabe, ostiralean aurrean izango duen Fenerbahce ahal guztidunaren aurkako partida prestatzen hasiko dira gasteiztarrak. Iaz Euroligako finaleko atean utzi zuen talde turkiarrak Baskonia, beraz zinez norgehiagoka interesgarria izango da azaroaren 11ean Buesa Arenan.


Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: