Isilik, "aski da" aldarrikatu zuten iragan larunbatean [azaroaren 26] milaka eta milaka lagunek Altsasuko kaleetan (Nafarroa). Zalantzarik gabe, herriak inoiz bizi izandako manifestaziorik jendetsuena izan zen, baita Nafarroan izandako handienetariko bat ere. Salbuespenezko egoera larri bati emandako salbuespenezko erantzuna izan zen atzokoa. Izan ere, Sakanan eta Euskal Herri osoan kezka berezia eragin du azken hilabetean altsasuarrek eta, bereziki, taberna bateko liskar baten ondorioz Guardia Zibilak atxilotutako zazpi gazteek zein euren senide eta lagunek pairatutako egoerak. 

Atxilotutakoen senideak, larunbateko manifestazioan, etxean nahi dituztela zioen pankartari eusten. Argazkia: Jagoba Manterola

Herritarren artean, ideologia desberdinetako jende asko eta ordezkaritza politiko zabala egon zen. Maria Solana Nafarroako Gobernuko eleduna, Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea azaldu ziren. Era berean, besteak beste, Altsasun izan ziren Geroa Baiko Koldo Martinez eta Patxi Leuza, EH Bilduko Adolfo Araiz eta Bakartxo Ruiz, Sortuko Miren Zabaleta, Ahal Dugu-ko Laura Perez eta Eduardo Maura, eta Ezkerrako Iñaki Bernal. Juan Carlos Monedero Podemoseko sortzaileetakoak ere bat egin zuen manifestazioarekin.

Ordu bata pasatuta abiatu zen martxa, txalo artean. Espetxean jarraitzen duten gazteen lagunek hizki larriz 7ak etxera zioen mezua osatu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak "terrorismo" delitua egotzi nahi die, eta, larunbatean, bidegabekeria hori salatu nahi izan zuten hainbat mezuren bidez: "Gaztetxean nahi zaituztegu", "Bodegan nahi zaituztegu", "Kontserbatorioan nahi zaituztegu", "Basoan zaintzen zahi zaituztegu"... Beste bat, esplizituagoa: "Hamabi bizitza izorratu dituzue".

Manifestazioa herrian barneratu ahala, isiltasuna nagusitu zen. Manifestazioburuak hiru ordu laurden inguru egin zituen amaierako azken lagunek protestari ekin ahal izan ziotenerako. 14:00etan heldu ziren aurrenak Iortia kultur etxeko plazara. Ordu laurdenerako plaza mukuru zegoen, eta pertsona ugari geratu zen sartu ezinik. Irudi horren aurrean, bozgorailutik antolatzaile batek "ikaragarritzat" jo zuen protesta: "Gainezka egin dugu".

Berria egunkariak egindako bideoa.

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: