'Barrura begirakoa' da 'Besarkada' elkartearen lehendabiziko lana, suzidatuen familiei laguntzeko sortu berri den elkartea da 'Besarkada'. Proiektu honen helburua esperientzia bera izan dutenekin bat egin eta elkarrekin norbere bizipenak zabaltzea da.

"Hitz egiten ez badugu, existitzen den errealitate bat bazter utzi bertzerik ez dugu egiten. Lortzen badugu suizidioaren auziari normaltasunez eta lasaitasunez eustea, aurre egiten badiogu osasun arazo larri baten gisa, sufritzen ari direnei eta nora jo ez dakitenei helduleku bat eskaini ahal izanen diegu". Cecilia Borrasenak dira hitzak. Kataluniako 'Despres del Suicidi' elkartea sortu zuen, 2013. urtean, 19 urteko semeak bere buruaz bertze egin eta gero.

Nafarroan, gisako talde bat osatu berri dute beren burua hil dutenen senideek ere: Besarkada elkartea jarri dute martxan. Elkarri eusteko, eta behar duen edonori helduleku bat eskaintzeko. Isiltasunaren pareta, behingoz, behera bota ahal izateko.

Argazkia: Nafarroako Hitza.

"Anitz hitz egin dugu Ceciliarekin elkartea sortzeko ideiarekin hasi ginenetik, eta asko animatu gaitu taldea osatzera", azaldu du Elena Aisak. Besarkadako kide da, eta, Borras bezala, bere buruaz bertze egin zuen seme baten ama ere bai.

Elkartean senideek bat egin dute, oraingoz. Suizidioek atzean eta hamaika galderarekin utzitako senitartekoek, alegia. "Gure ateak zabalik dira, halere, auzi honekin kezka berezia duen edonorentzat. Hitz egin nahi dugu; informazioa zabaldu; eragin", nabarmendu du Aisak. Hori guztia, helburu nagusi batekin: "Aurrea hartu nahi diegu suizidioei; ez dugu nahi bertze inork pasatzea guk pasatu dugun guztia", erantsi du.

Elkarteak informazioa zabaldu nahi du, eta helduleku bat eskaini, aldi berean. Besarkada-abrazo.org da helbidea. Aisak gogoratu du larrialdi egoera batean 112 telefonora deitzen ahal dutela herritarrek, eta Itxaropenaren Telefonoa ere eskura dutela: 948 24 30 40 eta 902 500 002 zenbakietan.

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: