Euskal Herri osoko 1000 gazte Barañainen elkartu ziren asteburuan, Gazteraiki jardunaldietan. "Gu geu gara alternatiba" lelopean, sistema kapitalista albo batera utzi nahi dute. Ez nagusirik, ez zapalketarik, ez paternalismorik. Ostiralean hasi eta atzora arte luzatu ziren topaketok. Eguerdiko 13:00etan egin zen ekitaldi nagusiarekin eman zioten amaiera asteburuari; esku orri batean jaso zituzten ondorio nagusiak, herriz herri zabaltzeko.

Igande eguerdiko amaiera ekitaldia. Argazkia: Jagoba Manterola, CC by lizentziapean.

«Topaketak ez dira dinamika osoaren helmuga; aitzakia bat dira esparruetan alternatibak eraikitzen hasteko», azpimarratu zuen Maria Maia Manterolak. Parte hartzaileetako bat izan da. Haren aburuz, autogestioa tresna oso eraginkorra da proiektu alternatibo horiek eraikitzeko. Hain zuzen ere, Euskal Herriko gazte mugimenduen autogestio topaketak izan dira Barañaingoak.

Topaketak beste bizi eredu batzuk sortzeko egin dira, bizitza erdigunean jarrita. Ohiko eszenatik kanpoko musika talde feministekin osatu zuten egitaraua; barrako produktu gehienak hemengoak izan ziren, eta elikagaiak, 0 kilometrokoak. Asteburu honetan, Barañaingo txoko batzuk alternatiba izan dira, beraz, gazteentzat.

Asteburuko jardunaldiaren egitaraua. Argazkia: Gazteok Eraikitzen.

Hamabi arlo bereizi zituzten: autodefentsa, elikadura burujabetza, etxebizitza, euskara, feminismoa, gazte mugimenduak, hezkuntza, kirola, lana, komunikazioa eta sorkuntza. Norberak erabaki zuen zein alorretan nahi zuen ekarpena egin. Bakoitzak bere gustuko gaia aukeratu zuen; beraz, motibazio handia zeukaten parte hartzaile guziek.

Orain, hemendik aurrera, herriz herri lan egitea tokatzen da, autogestioa bultzatu eta gizarte kapitalista honen aurka proiektu alternatibak eraikitzeko unea iritsi da.

Asteburuaren inguruko argazki eta informazio gehiago Topatu.eus webgunean. 
Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: