Amaren Samaniegon kokatuta dagoen upategia da. Upategi honen berezitasunik nagusiena da ez dutela inolako makinarik erabiltzen eta soroetan mandoekin lan egiten dutela.

Amaren upategiak, kalitate goreneko ardoak baino askoz gehiago dira. Lan gogorrari, tradizioari, mahastietako lanari, eskulanari, etxekoari eginiko oda bat da; eta osagai horiek guztiak oinarri batek eusten ditu: Ángeles, upategiaren bultzatzaile Juan Luis Cañasen amak. Hortik dator upategiaren izena, Amaren, "amarena" esan nahi baitu. 

Kopa eskuan jarri eta ez dago modu hoberik upategi hau ezagutzeko, ardo desberdinak dastatu eta bertako txokoak, filosofia eta nortasuna ezagutzeko.

 Argazkia: bodegasamaren.com webguneari esker

60 urtetik gorako mahastiek 22 hektarea hartzen dituzte eta 30-60 urte artekoek, berriz, 30 hektarea. Hainbat lursailetan banatuta daude, eta gutxitan izaten dira hektarea bakar batekoak. Gainera, mahatsondoen batez besteko adina oso handia da, eta ehun urtekoa izatera ere irits daiteke. Horiek guztiek denboraren igarotzearen eta naturaren bide hauskaitzaren funtsa jasotzen dute. Ezaugarri horiek bost zentzumenek hautemateko modukoak bihurtzen dira.  

Mahasti paregabe eta bakarrak dituzte; horrenbestez, zaintza zehatzak behar dituzte: laboreetarako erasokorrak diren produktuak erabiltzea debekatuta dago eta organikoak bultzatzen dituzte. Era horretara, ingurumena ahal bezain gehien zaintzeaz gainera, kontsumitzaileen ongizatea ere zaintzen da, upategiaren hurbilekoaren eta etxekoaren aldeko filosofia nabarmenduz eta, batik bat, Ángelesen amatiar espiritua goratuz.

Hurbiltasuna, ordea, bat etor daiteke zorroztasunarekin, eta tradizionala dena berritzailea denarekin. Are gehiago, Amaren upategiak lau berezitasun ezin hobeto betetzen ditu. Upategiko ardoak ez dira urtero ekoizten, mahastien kalitateak horretarako aukera ematen duenean soilik baizik; mahats biltzea eskuz egiten da osorik eta lursailetako bakoitzak norako bat du izendatuta, ekoizpenaren, orientazioaren, kokapenaren, lurraren eta mahatsondoen adinaren arabera; mahatsa, gainera, plastikozko kaxa txikietan jasotzen da, eta upategira iritsitakoan, eskuz gainbegiratzen dira mahats mordoak lehenengo eta mahats aleak ondoren, banan-banan.


Upategiak ekoizpen sistema modernoak ere baditu, egurrezko tintez eta altzairu herdoilgaitzezko gordailu txikiz osatuta, ardoak kalitate goreneko haritz frantziar eta amerikarreko upeletan zahartzeko.


Amaren upategiko teknika abangoardistek ederki bat egiten dute upategiko instalazioen ehunka urteko edertasunarekin. Ardoak dauden koba XVI. mendean egin zen zizelez, eta bisitatu beharreko lurpeko mirari ederra da; gainera, ardoa eskuz egin daitekeela irudikatzen du, tradizioari bizirik eutsiz baina elementu abangoardistak sartuz. 


Bisitatzeko baldintzak

Ardo horien koloreari, aromari eta gustuari esker, upategiaren "arima" ezagutzeko aukera dago. Bisita honen asmoa teoriatik praktikara igarotzea da; hau da, egun batez enologoak izatera jolastea eta ardo paregabeak diseinatzera.

Ordu eta laurdeneko bisitan, lau ardo klase probatzeaz gainera, tokiko produktuak dastatzeko gonbitea egiten da amaieran. Desabantaila bezala euskaraz bisitarik egiten ez dutela aipatu behar da. Gazteleraz edo ingelesez baino ezin izango dira burutu bisita horiek. Horrez gainera, upategi hau bisitatzeko bisitari kopuru minimoa bi pertsonakoa izango da eta maximoa, aldiz, 25 pertsonako taldea.

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: