Inozentziaren galera eta nortasunaren eraikuntza ditu ardatz bildumak, eta, ibilbide horretan, gorputzak leku nabarmena du. Susarekin argitaratu du egileak bere lehen poesia lana.

Argazkia: Maialen Andres 

Bere jarduna betidanik egon da idazketari lotua, baina bereziki kazetaritzan, artikulugintzan jardun du urte luzez Idurre Eskisabel Larrañagak (Beasain, Gipuzkoa, 1970). "Beti arrazoiketatik, argudiotik", zehaztu duenez. Hala ere, "aspalditik" idatzi izan ditu bestelako testuak ere, eta halakoetan poesiara jo izan du gehienetan. Isileko jardun hori argitara ematea erabaki du orain: "Batez ere eskaini nahi izan diodalako nire buruari plazan libreago izateko modu bat, eta plazari ni libreago bat". Bere lehen poema liburua plazaratu du Susa argitaletxearekin: Goseak janak.   

Bere kezkez, pozez, minez, grinez... idatzi du poemetan, eta liburuan hainbat kontzeptu oso presente daudela azaldu du. Bezpera da horietako bat, atzean "haurtzaro-mina" duena funtsean. "Nigan oso presente dago haurtzaro-min hori, inozentziaren galera den heinean". Gosea da liburua zeharkatzen duen beste kontzeptuetako bat, "bizi bulkada oinarrizkoenaren pare". Edonola, bi kontzeptu horiek bestelako adierak ere hartzen dituzte hainbat poemetan. "Nolabait, bezpera eta gose eta adiera diferente horien artean, hor dabil, bizi nahian, poemategian zehar, ni poetiko bat, eta ni horrek, etengabe, bizitzaz ari den heinean, besteak topatzen ditu. Hala, poemategian, baita ere, badaude adiskidetasuna, maitasuna, kidetasuna, bat egitea, ulertezintasuna, haserrea, amorrua, gorrotoa, etena, bakardadearen hotza... Presente daude ni-a eta besteak, eta presente besteen eragina ni-a osatzeko. Tentsio batean agertzen dira etengabe bi plano horiek". Eta bereziki, idazlearen ustez, gorputza da presente dagoena, "eraikitzen eta deseraikitzen doan ni hori emakumezkoa delako, eta hor gorpuztasunak garrantzia berezia hartzen du".         

"Inozentziaren galerak eta nortasunaren eraikitzeak ardazten dute liburua", azaldu du Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak. "Hain zuzen ere, ni poetikoaren ibilbidea irakurriko dugu, inozentziaren galeratik, hau da haurtzaroa atzean uzten denetik helduarora arte". Ibilbide horretan, besteak beste, "nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak" agertuko dira poemaz poema, eta gorputzak pisu handia hartuko du haietan, editorearen hitzetan. Liburua zeharkatzen duena "ni indartsu bat" dela deritzo Lopezek, baina indibiduala ez ezik, kolektiboa ere izan daitekeela gehitu du. "Liburua ni poetiko horren ahalduntze esperientzia baten gisan ere irakur daiteke".

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: