Azkeneko astean "MTV Music Week"-a bizi izan da Mendebaldeko Nafarroako leku ezberdinetan. Urriaren 30ean Barakaldon egon zen bertoko Revolta Permanent, urriaren 31n Aneguria rapera bilbotarra izan zen Durangon eta azaroaren 1ean Belako "post-punk" talde mungiarra egon zen Bilbon. Hori bai, kontzertu horiek egongo zirela ez zen iragartzen Bilboko Metroko geltokietan...

Egia da bai, ekitaldiarengatik sekulako mugimendua zabaldu dela, Nafarroako jendearen partetik zein kanpotik gerturatu direnen aldetik. Azken finean, diruak mundua kontrolatzen duen testuinguru baten morroi gara, eta etekinak (oraindik euren berririk izan ez arren) sekulakoak izango dira materialki ziur aski. Alabaina, lan aukera balira bezala mozorrotuz, etekinekin lan prekarioa bultzatuko da ohikoa denez, batez ere gazteei eta migranteei zuzenduta.
Argazkia: uriola.eus-i esker

Begibistakoa da gardentasunik ez dagoela. Esaterako, martxoan Barakaldoko alkateak ziurtatu zuen ez zela ekitaldietarako inbertsiorik egingo, gerora hauek ospatzen hasi baino bi aste lehenago 220.000 euroko inbertsioa egin dela onartzeko.

Nora heltzeko jomuga dago dirutza publiko inbertituz kultura globalizatu eta kontsumistaren sinbolo bikaina diren gisa honetako ekitaldiekin? Inbertitzea erabakitzen dutenen patrika beteetara. Eredu honetatik at, musika ona egiteko aukera ere badago dena den.

Merkataritza jarduerak jarduera kulturaletatik lehenestea da nahi dugun bidea? Askorentzat bada iragan astean ikusitakoa eredu hartuta.

Ekitaldiak ospatu diren testuinguru honetan, "Piztu Bilbo, Itzali MTV" plataformak hauekiko desadostasuna azaldu du. Manifestazioak izan dira Bilbotik iragan asteotan eta urriaren 13an, esaterako, "Hamaika Botxo Eguna" ospatu zen. Hala ere, EITB-rentzat MTVren kontua garrantzitsuagoa omen da albisteetan ikusi den legez...

Mugimenduaren harira, hemengo kultura sustatzeko artista herrikoi talde batek "Piztu Bilbo" mugimenduarekin bat abesti bat kaleratu zuen urriaren hasieran. Behean, abestiaren bideoklipa duzue ikusgai:




Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: