Henrik Ibsen antzerkigilearen lana ardatz hartuta, 'Garai zekenak' sortu du Arriaga antzokiak

Argazkia: Gara-ri eskerrak 

«Moketako antzerki lana». Bereizgarritasun argi bat du Raul Cancelo zuzendariaren antzezlan berriak; agertokitik at gertatuko da dena. Arriaga antzokiko espazio ezberdinak baliatuz, alfonbra gorridun zoruan antzeztuko dute Garai zekenak. Henrik Ibsen norvegiarraren Hedda Gabler antzezlan klasikoa du oinarrian obrak. Ibsenen lana Euskal Herrira ekartzeko proposamena egin zion Arriagak Cacelori. Eta baiezkoa berak: «Euskal Herrira eta XXI. mendera egokitu nahi nuen». Erronka onartu ondotik, obra egokitzeko idazlearen bila hasi zen. Denis Despeurouxekin egin zuen topo orduan, eta Uruguaiko antzerki idazle hori arduratu da Hedda Gabler garaikidearen testua osatzeaz; lan horren emaitza da Garai zekenak. Nerea Lorentek euskaratu du Despeuroxen egokitzapena; izan ere, obra bi hizkuntzatan aurkeztuko dute. Gaur zortzi estreinatuko dute, euskaraz, Bilboko Arriaga antzokian. Orotara, hemeretzi emanaldi iragarri dituzte urtarrilaren 24ra bitarte; horietatik dozena bat izango dira euskaraz, eta zazpi gaztelaniaz.

Jatorriz, Hedda Gabler XIX. mendeko obra klasikoa da, Norvegiako familia aristokrata bat ardatz duena. Egokitzapenean, ordea, Euskal Herriko unibertsitate girora ekarri dute bi mende geroago. Despeurouxek drama klasikoaren egitura errespetatu nahi izan du testua osatzerakoan, betiere ikuspegi «pertsonal eta originala» txertatu guran. Emaitza borobila lortzeko bidean, hainbat korapilo askatu behar izan ditu idazleak: «Eskuizkribu baten galera da jatorrizko obran dramaren lehen katebegia. Erronka handia izan da Hedda Gabler-en galera hori errealitate garaikidera egokitzea, egungo teknologia aurrerapenekin pentsaezina baita hain baliotsua den eskuizkribu bat galtzea». Moldatu egin du horregatik: Delaucroixen bertsioan, Jorge Oteiza eskultoreak eta Blanca Luz Brum poetak elkarri idatzitako gutun sortak dira galdutako idatziak. Eskutitzak eskaneatzeko aukera izan aurretik galdu ziren betiko.

Miren Gaztañaga aktorea izango da obrako protagonista. Pertsonaia gatazkatsuak sortu zituen Ibsenek, eta pertsonaia konplexua da Hedda Glaber, Ibsenen dramaturgiaren isla. Denek ala denek barne mundu oso sakona dute, eta errealitatearen ikuskera distortsionatua. Garai zekenak-en, Glaberren izaera hori errespetatu nahi izan du egileak. Erraza ez, baina antzezlanaren prozesua «zirraragarria» izan dela aitortu du Gaztañagak. Harekin batera jardungo dira alfonbra gainean Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea, Gabriel Ocina, Aritza Rodriguez eta Pako Revueltas.

Aktoreak eta egileak bat datoz erronka handia izan dela obra bi hizkuntzatan aurkeztea. Honela azaldu du bi hizkuntzen arteko aldea Nerea Lorente itzultzaileak:«Gaztelania, hizkuntza moduan, askoz ere erretorikoagoa da, metaforaz josia eta poesia gehiago biltzen duena. Normalki, horrelako testu jantziak euskaratzean asko luzatzen da itzulpena. Esanahia eta dotorezia mantenduz, euskaraz testu ahalik eta murritzena egiten ahalegindu naiz».

Publikoaren eginkizuna 

Publikoak modu ezohikoan parte hartzea proposatuko du antzezlanak, ikusleak obraren parte aktibo bihurtzea. Antzokiaren atarian hasi eta bertan bukatuko da obra, publikoarekin hartu-eman «guztiz berezia» sortuz. Tarteko bidean, lau espaziotan antzeztuko dute aktoreek, eta, azaldu dutenez, publikoa haien atzetik ibiltzera «behartuko» dute.
Egilearen helburua «ikusle zelatariaren» ideia plazaratzea da, «hor dagoena, baina, aldi berean, ez dagoena». Horretarako, Veneziako inauterietan ohikoak diren maskarak banatuko dituzte publikoan. «Ikusleak aukeratuko du antzezlana nondik ikusi nahi duen, aktoreen lana zer ikuspuntutatik bizi nahi duen», azaldu du Cancelok. Ikus-entzuleek biziko dutenaren erakusgarri gisa, aktoreak maskarak jantzita agertu ziren atzo Arriagan, obra aurkezteko egin zuten agerraldian.

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: