Aro berria hastear dagoela adierazi zuen Ordezkarien Ganberako demokraten burua den Nancy Pelosik, behe ganberan lortu zuten garaipenaren ostean

Argazkia: El Periódico-ri esker

Alderdi Demokrata Ordezkarien Ganberaren gehiengoarekin egin zen atzo Estatu Batuetan ospatu ziren hauteskundeetan. 220 eserleku irabazi zituzten demokratek, errepublikarren 193 eserlekuen aurrean. Trumpen alderdiak Senatuan zuen gehiengoa bermatu zuen, jada zituzten 51 eserleku mantenduz. Alderdi Demokratak 49 senatari izatetik 45 izatera igaro zen. Ordezkarien Ganbera bereganatuta, demokratek amaiera eman zioten errepublikarrek behe ganberan zuten gehiengoari, AEBetako Parlamentua bi indar politiko nagusien artean banatuta utziz.

Ordezkarien Ganbera aukeratzeaz gain, Senatuaren heren bat eta 36 estatuetako Gobernadoreak ere hautatzen ziren hauteskunde estatubatuarretan. Hogeita bat estatuetan Alderdi Errepublikarra gailendu zen; besteak beste Ohion, Texasen eta Floridan. Urdinek beste hamabost estatuetan irabazi zuten, zazpi estatu errepublikarrei kenduz; Illinois eta Nevada, adibidez. Gehienbat aldiri eta metropolietan irabazi zuten demokratek eta landa zonaldeetan errepublikarrek.

Jende askok parte hartu zuela baieztatzen da hedabide askotan, horien artean The New York Timesen eta El Paísen, zeinetan azkeneko honetan esaten duten 34'5 milioi pertsonek aldez aurretik bozkatu zutela. Ilara luzeak egon ziren bozkatzerako orduan. Demokraten garaipenarekin Trumpek ezin izango ditu bere zenbait promesa aurrera eraman Ordezkarien Ganberaren onarpenik gabe. Hortaz Mexikorekin duten mugan hesia eraikitzea edota Obamacarea deuseztatzea ia ezinezkotzat jotzen dira.

Olatu urdinaren euforia
Nancy Pelosik, behe ganberaren demokraten buruak, adierazi zuen demokratek irabazten dutenean Kongresua gardena, irekia eta erantzulea bilakatzen dela. Hala ere Pelosik ezeztatu zuen Donald Trumpi impeachmenta helaraztea: “Badaude zenbait lerro zeharkatu ezin ditugunak. Trump presidenteari impeachmenta helaraztea ez dago gure agendan”. Trumpek telefono dei baten bitartez zoriondu zuen Pelosi andrea demokratek lortutako emaitzengatik. Bere Twitter-eko kontu ofizialean, ordea, hauteskundeetako garailetzat hartzen zuen bere alderdia Trumpek.

Hauteskunde hauetan emakumeen presentziaren marka berri bat hautsi egin da eta arraza eta kultura ezberdinetako jendea ere sartu da behe ganberara. Orain arte 107 emakume bazeuden Ordezkarien Ganberan, gaurtik aurrera 113 emakume egongo dira. Alexandria Ocasio-Cortez newyorktarra behe ganberan eserlekua lortzen duen emakumerik gazteena bilakatu da 29 urterekin. Verónica Escobar eta Sylvia García ganberan bertan sartzen diren lehenengo latindarrak dira eta Ilhan Omar eta Rashida Tlaib Kongresuan aurkitzen diren lehenengo musulmanak izango dira. Sharice Davids eta Deb Haaland urtarriletik aurrera Kongresuan eserlekua izango duten lehenengo bi indigenak izango dira. Lorpen hauek Alderdi Demokratari atxikitzen zaizkio, ez bakarrik emakume hauek Alderdi Demokratikoko kideak izateagatik, baizik eta urdinek plazaratzen duten diskurtsoarengatik. Gainera Marsha Blackburn errepublikarra Tennesseeko historiako lehenengo emakumezko Gobernadorea izango da.

Hauteskundeetarako bidea
Hauteskunde kanpaina bi modu desberdinetan eraman dute aurrera bi alderdi nagusiek. Errepublikarrek euren administrazioak lorturiko egoera ekonomikoa goraipatu dute. Hala ere Trumpek immigrazioaren aurkako diskurtsoari ekin dio gehienbat, kanpotarrak gaizkileak direla esanez. Alderdi Demokrata, ordea, Obamacarea defendatzean eta neurri sozialetan oinarritu da, Trumpen gobernuak lortutako egoera ekonomikoak sorturiko aberastasuna ez dela gizartean nabaritzen argudiatuz.

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: