Ia 150.000 pertsona igaro dira Landako gunetik, Durango Azokaren 53.edizioa dela eta. Aurtengo edizioa "anitza, baikorra eta arrakastatsua izan da", adierazi dute Gerediaga Elkartekoek eta azokako antolakuntzak.

"Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan", gaineratu dute. Bost egun horietan, berriro ere, Landako gunea "euskal kulturaren plaza bihurtu da, sortzaileak, ekoizleak eta bisitariak elkartzeko gunea", hain zuzen ere.

Gainerako datuek ere arrakasta hori islatu dute. Izan ere, lehen urtez kaleratutako "DA!" poltsak azoka amaitu baino egun bat lehenago amaitu ziren, eta Landako erakusleihoen planoa, esaterako, hirugarren egunean agortu zen. Azokako webgunea ere gainditutako aurreikuspen horien ispilu izan da: azken lau egunetan, 41.500 bisitari baino gehiagok kontsultatu du webgunea, egitarauaren inguruko informazioa jasotzeko asmoz.

Azokaren esparruei dagokienez, Gerediaga Elkarteak Saguganbara aretoa aipatu du, saio guztietan "beteta" egon baita. "Egunik jendetsuenak abenduaren 7a eta 8a izan dira", adierazi dute Azokaren antolatzaileek, "eta ekitaldirik jendetsuena 'Ene kantak' taldearena izan da”. 

Amaitzeko, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak aurtengo azokaren balorazio positiboa egin du eta, EiTBri eskainitako adierazpenetan, azpimarratu egin du "Azokako bisitarien ibilbidea zabaldu egin" dela. Behin aurtengo Azoka amaituta, bai Gerediaga Elkartea eta bai Durangoko Azokako antolakuntza datorren edizioari begira jarri dira.


Argazkia: Durango Turismo bulegoari eskerrak 

Axact

Nafarberri

Nafarberri deritzon infogune nafar honetan argitaratzen diren artikulu eta edukiak idazlearenak berarenak dira eta Berriemaile-k ez du zertan bat etorri behar agertutako iritziarekin. Nafarberri Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle zenbaitek eta nafartzale batzuek egindako lanari esker argitaratzen da.

Egizu iruzkina:

0 comments: